You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Babeslea: Babesle: Fundación BBVA
Laguntzailea: Laguntzaile: Terra Foundation for American Art
Babeslea: Babesle: Fundación BBVA
Laguntzailea: Laguntzaile: Terra Foundation for American Art
Diego Rivera New Workers

Diego Rivera mexikar artista pintura-teknikak erakusten New Yorkeko ikasleei (New Workers’ Art School), 1933ko abuztua
Argazkia: Bettmann. Getty Images

The Irascibles Group

“Odolberoak” izeneko artista abstraktuen taldea: Willem de Kooning; Jackson Pollock; Adolph Gottlieb; Ad Reinhardt; Robert Motherwell; Clyfford Still; James C.Brooks; Hedda Sterne; Jimmy Ernst; Bradley Walker Tomlin; Richard Pousette-Dart; Barnett Newman; Theodoros Stamos; William Baziotes; Mark Rothko, 1950ko azaroa
Argazkia: Nina Leen. Getty Images

hidrógeno Elugelab

Hidrogeno bonba, 1952. AEBk egindako arma termonuklearraren saioa, Marshall Uharteetako Elugelab irlan
Argazkia: Popperfoto. Getty Images

Caza de Brujas 1951

19 komunista garrantzitsuz osatutako talde bateko hainbat kideren atxiloketa, 1951ko ekaina
Argazkia:  AFP. Getty Images

Ba al zenekien...?

ZER DA DIDAKTIKA?   
Didaktika proiektuak erakusketen edukian sakontzen laguntzen die bisitariei, hezkuntza guneen eta jarduera berezien bidez.

Oraingo honetan, AEBko gobernuak XX. mendearen erdialdera bertako artea eta kultura sustatzen izandako zeregina aztertzen dugu. Hainbat proiektu federalek Espresionismo Abstraktua sustatu zuten, neurri batean, gobernuaren interes politikoa baitzen Sobietar Batasuneko ideologia komunistaren hedapena ekiditea.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, New Yorkek Paris ordezkatu eta artegintzaren erdigune bihurtu zen, bertara heldu baitziren Europako artista ugari eta bertan erakutsi baitzuten haien artea, erakunde eta galeriatan, baita eskolatan irakatsi ere.

Era berean, erakusketan bertan beste baliabide batzuk dituzu eskuragarri, arte edukiak azaltzen dituztenak, adibidez, horma testuak, entzuteko gidak eta bisitaldi laburrak.

AEBKO FEDERAL ART PROJECT (FAP)
New Yorkeko burtsak 1929an porrot egin ostean, Franklin D. Roosevelt presidenteak hainbat neurri hartu zituen Depresio Handiari aurre egiteko eta AEBko ekonomia berreraikitzeko. Horren harira sortu zuen Works Progress Administration (WPA) agentzia 1935ean, langabezian zeuden milioika lagunek herrialde osoko obra publikoetan lan egin zezaten. Urte horretan, halaber, WPA agentziaren menpeko Federal Art Project (FAP) ekimena jarri zuten abian: “estatubatuar espiritua” delakoa sustatzen zituzten proiektuak babestu zituzten horrela, hots, lana, komunitatea eta baikortasuna bultzatzen zutenak.

Babestutako proiektuetako batek Mexikoko gobernuaren plan bat zuen oinarri: urte batzuk lehenago bertako agintariek David Alfaro Siqueiros, José Clemente Orozco, Diego de Rivera eta beste artista batzuk kontratatu zituen, iraultzaren historia eta idealak herrialdeko eraikin eta gune publikoetan jaso zitzaten. Horma-irudi handiak egin zituzten artistok, hiri eta herri guztietan zehar. Horma-irudi horietatik edan zuten FAP ekimenean lan egin zuten milaka artistek —programa bertan behera geratu zen 1943an—, besteren artean, Willem de Kooning, Arshile Gorky, Philip Guston, Lee Krasner, Jackson Pollock eta Mark Rothko. Sortzaile horiek ere horma-irudiak egin zituzten, posta bulego, estatuetako bulego zein egoitza federal, eskola, liburutegi eta aireportuetarako; oraindik ere, horietako batzuk ikus daitezke New Yorken, Chicagon, San Frantziskon eta Bostonen.

WPA agentzia sortu baino lehenago ere mexikar muralgileek eragina zuten AEBn. 1933an Nelson Rockefeller-ek Diego de Riverari eskatu zion eraiki berri zuen Manhattango Rockefeller Center-en atondorako horma-irudi bat egiteko. Kontratua sinatu ondoren, artistak hainbat alditan aldatu zuen jatorrizko ideia eta, azkenik, Gizona bidegurutzean lana aurkeztu zuen, komunismoari egindako erreferentziaz beteta (bandera gorriak, manifestazioak, Lenin-en erretratu bat eta abar). Hori dela eta ez zuten inoiz ere artelana erakutsi —Riverak ordainsariak osorik jaso bazituen ere— eta 1934an suntsitu zuten.

TESTUINGURU HISTORIKOA: MUNDUA BIGARREN MUNDU GERRAREN ONDOREN
Bigarren Mundu Gerra 1945ean amaitu zenean, bi zatitan zegoen mundua banatuta: Mendebaldeko blokea eta bloke komunista. Mendebaldeko blokearen buru zen AEB: sistema politiko demokratikoa defendatzen zuen, ekonomia kapitalista eta ideologia liberala. Bloke komunistaren buru zen Sobietar Batasuna eta jabetza kolektiboan oinarritutako sistema politiko, sozial eta ekonomikoaren alde zegoen. Bi blokeen arteko aldeak horren ziren handiak, ezen gerra bukatu eta beste gatazka bat hasi zen 1947an AEB eta Sobietar Batasuna artean: Gerra Hotza (1947–1991).

Bi herrialdeek arma nuklearrak zituztenez, gatazka militarra saihestu zuten —zuzenean behintzat—, hondamendi nuklearra ekiditeko. Liskarra beraz politikara, ekonomiara, kulturara eta propagandara eraman zuten.

ARTEA ETA KULTURA: PARISTIK NEW YORKERA
Bigarren Mundu Gerran, New Yorkek Europako artistak, arte-merkatariak eta arte-kritikariak hartu zituen, erregimen totalitarioetatik ihesi joandakoak. Europa suntsituta zegoen gerra ostean eta New York munduko arteen hiriburu bihurtu zen, zeinetatik joera berriak zabaltzen ziren.

Garai horretan, oraindik ere Errealismo Sozialak eragin handia zuen AEBko artean. Mugimendu horrek herrialdeko langile-klasearen eguneroko bizitza islatzen zuen, baita baztertutako pertsonena ere; American Scene Painting eta Erregionalismoarekin lotura handia zuen joerak. Aldi berean, Europako mugimenduekiko interesa piztu zen, bereziki, Alemaniako Espresionismoarekiko eta Surrealismoarekiko. Hein batean, AEBtan bizi ziren europar artista batzuek sortu zuten jakin-nahi hori, besteak beste, André Breton, Salvador Dalí, Max Ernst, André Masson, Roberto Matta, Piet Mondrian eta Yves Tanguy-k. Beste erbesteratu batzuek, esaterako Josef Albers-ek eta Hans Hofmann-ek, are arte abstraktuari eta abangoardiei buruzko jakintzak irakatsi zituzten zenbait eskola eta unibertsitatetan, The Art Students League-n eta Yale-n, besteren artean, eta ondorioz eragina izan zuten estatubatuar margolarien belaunaldi batean. Museoek eta galeria berezituek ere —Museum of Modern Art-ek (MoMA), Solomon R. Guggenheim-en Arte Ez Objektiboaren Museoak, Betty Parsons-en galeriak eta  Peggy Guggenheim-en Art of This Century aretoak— Europako artea eskuragarri ipini zuten eta hala ezagutu zuten Lee Krasnerek, Jackson Pollockek, Mark Rothkok eta beste batzuek. 1939ko udaberrian Pablo Picassoren Guernica erakutsi zuen Curt Valentine galeristak eta neguan MoMAn egon zen ikusgai; artelanak eragin handia izan zuen, ikonografia, kolore paleta eta formatu handia txundigarriak baitziren.

CIA ETA ESPRESIONISMO ABSTRAKTUA
Gerra Hotzaren lehenengo urteetan, mundu osoan gatazkak piztea eta komunismoa hedatzea ziren AEBren ardura nagusiak. Mesfidantza giro horrek McCarthysmoa ekarri zuen —1947–1957 bitartean karguan egon zen Joseph McCarthy senatari errepublikarraren izenenetik eratorritako terminoa da—: komunismoaren edo ezker alderdiko politiken aldekoak zirenak jazarri zituzten AEBn, “sorgin ehiza” bortitza izan zen. Espresionista abstraktu gazteen aurkakok egin zuten kanpaina, margolarien arte abstraktua AEBko gizartearen irudia zikintzeko sobietarren tresna bat zela uste baitzuten.

Nolanahi ere, AEBko elite intelektualaren zati handi batek uste zuen Espresionismo Abstraktuaren bidez totalitarismoen kultura gainditzen zela, artistaren askatasuna baitzuen oinarri. Beraz, Inteligentzia Agentzia Zentralak (ingelesez, Central Inteligence Agency edo CIA) espresionista abstraktuak babestu zituen, artistek eurek jakin gabe, eta haien artea sobietarren aurkako propaganda onena bihurtu zuten. New Yorken bertan, Nelson Rockefeller buru zuen Museum of Modern Art kausa horren aldeko erraminta bat izan zen: estatubatuar artista gazteen artea bultzatu zuten lan ugari eskuratuz eta mundu osotik bidaiatu zuen erakusketa-egitarau bat antolatuz. Erakustaldi horien artean aipatzekoak dira Twelve Modern American Painters and Sculptors (1953) eta The New American Painting (1958); biak izan ziren Europako hiri handietan 1958 eta 1959 artean, AEBko bizimodua hedatzeko.

Historialari batzuen arabera, agentziak Kultur Askatasunerako Kongresu delako erakundea diruz lagundu zuen isilpean. AEBk bultzatutako egitasmo horrek 35 herrialdetan izan zituen egoitzak eta kultur ekimenak antolatzen zituen, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak eta abar; hogei aldizkari entzutetsu baino gehiago ere argitaratu zituen, adibidez, Encounter (Erresuma Batua), Preuve (Frantzia), Tempo Presente (Italia), Cuadernos eta Mundo Nuevo (Latinoamerika), Quadrant (Australia) eta Jiyu (Japonia).



Jarduerak

-

Partekatutako hausnarketak

Museoaren profesionalek egindako aparteko bisita hauetan ezagutu erakusketa hau, muntaiaren ezkutuko zokoak eta beste bitxikeria batzuk.

Arte arduradunen ikuspegia Otsailak 15, asteazkena Espresionismo Abstraktua, Lucía Agirre, Museoko arte-arduraduna.
Funtsezko kontzeptuak Otsailak 22, asteazkena Espresionismo Abstraktua, Luz Maguregui, Hezkuntza Koordinatzailea.

Babeslea: Fundación Vizcaína Aguirre.

Informazio gehiago

-

David Anfam: On, around and beyond Jackson Pollock's

Maiatzak 4, 18:30

Horretaz guztiaz eta Espresionismo Abstraktuaz hitz egingo du David Anfamek, Espresionismo abstraktua erakusketaren komisarioak, mugimenduaren aditu ospetsuenetako bat eta gaiari buruzko funtsezko liburuen egilea baita.

Lekua: Museoko Entzungela

Informazio gehiago


-

Artea Ezagutzen

Maiatzak 17 eta 18, 19:00–20:30

María Dolores Jiménez Blanco saiakeragile, arte-kritikari, erakusketa-komisario eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Artearen Historiako irakasle titularrak Espresionismo Abstraktuaren giltzarriez, testuinguruaz, obrez eta protagonista nagusiez hitz egingo du. Jarduera hau arte garaikidearen oinarrizko eta erreferentziazko kontzeptuak ezagutu nahi dituztenentzako antolatu dugu.

Informazio gehiago

Baliabideak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Museoko sarrerarekin batera entzuteko gida eskainiko dizute. Horren bidez erakusketa bakoitzeko artelanei buruzko informazio zabalagoa izango duzu.

Informazio-gunean eskatu entzumen, ikusmen edo/eta adimen urritasunak dituzten pertsonentzako audio/bideo gidak.

Informazio gehiago

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean