You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Babeslea: Babesle: Fundación BBVA
Laguntzailea: Laguntzaile: Terra Foundation for American Art
Babeslea: Babesle: Fundación BBVA
Laguntzailea: Laguntzaile: Terra Foundation for American Art

Espresionismo Abstraktua AEBko lehen arte-mugimendu handia izan zen

Paris izan zen, mendetan, artearen ardatza. Han biltzen ziren mundu guztiko artista, arte-merkatari eta bildumagileak. Baina, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan, AEB agertoki horren ardatz bihurtu zuen mugimendu berri bat sortu zen. Olio-pinturaz eginiko eta emozioz josiriko pintura abstraktu erraldoiekin, Espresionismo Abstraktuak New York artearen munduko hiriburu bihurtu zuen berehala. Fenomeno hori AEB superpotentzia global nagusi bihurtu zituen eraldaketarekin batera gertatu zen, Depresio Handiaren ondoren, hain justu, eta Vietnameko gerra hasia zela. Erakusketaren komisario Edith Devaneyk honela dio “Espresionismo Abstraktuaren konfiantzak eta adierazpen-askatasunak halako sentsazio oso estatubatuarra sortzen dute”.

Baina erroak Europan zituen

Espresionismo Abstraktuak asko zor dio Europako tradizio modernoari. Sortzeko modu bat-bateko, automatiko edo inkontzienteen gaineko interesa surrealismoak eragin zuen zuzen-zuzenean. Gainera, espresionismo abstraktuaren jomugaren eredutzat Pablo Picassoren lanak hartu zituzten. Jakina, AEBn etorkin europarren historia luzea zen, eta Espresionismo Abstraktua ez zen salbuespena izan: Hans Hofmann pintorea Alemanian jaio zen, Willem de Kooning Herbehereetan trebatu zen eta “Espresionismo Abstraktua” izena bera Alemanian erabili zen lehenbizikoz, 1919an, Alemaniako Espresionismoa izendatzeko, eta 1946an agertu zen berriz, AEBko artista bolada berriaz hitz egiteko.

Kolore-eremuak edo ekintza-pintura?

Eskuarki, arte-historialariek Espresionismo Abstraktua bi kategoriatan banatzeko joera izan dute. Batetik, “ekintza-pintura”, Estatu Batuetako Harold Rosenberg arte-kritikariak 1952an sortua. Ekintza-pinturaren bereizgarri nagusia da pintura sorkuntza dinamikotzat hartzen duela. Kategoria horretako adierazgarri nagusiak Jackson Pollock, Willem de Kooning eta Franz Kline dira. Eta bestetik, kontrako muturrean, Clement Greenberg kritikariak “kolore-eremuen pintura” izendatu zuena. Kategoria horretan kolorezko gainazal handiak sortzen dituzte eta kolorea gehiago zabaltzen dute. Mark Rothko, Clyfford Still eta Barnett Newman dira pintura-mota horren eredu nagusiak.  

Edo bietako bat bera ere ez?

Benetan, erakusketa honek agertzen duen moduan, Espresionismo Abstraktua kolore-eremuen pintura edo ekintza-pintura baino askoz gehiago zen. Erakusketak agerian uzten du artistek margoak modu askotan erabiltzen zituztela. Ikusgai ditugu, adibidez, Pollockek pintura isurita egindako margolan txikiak, batetik; eta Rothkok laranja- eta hori-koloreko margo distiratsuekin egindako lan txundigarri eta handiak, bestetik. Erakusketaren ardatzak New Yorkeko artista nagusiak badira ere (Pollock, Rothko, De Kooning, Kline eta Robert Motherwell, besteak beste), San Frantziskokoak ere badaude (Clyfford Still eta Sam Francis, adibidez), eta mugimenduaren buruan egon ziren emakume batzuen lanak ere baditugu ikusgai: Helen Frankenthaler, Lee Krasner eta Joan Mitchell. Erakusketa hau Espresionismo Abstraktuaren inguruan 1959tik Europan antolatu den lehen erakusketa handia da. Esposizioaren giltzarrietako bat maiz aintzakotzat hartu ez den bereizgarri bat da: mugimenduaren dibertsitatea.

Eskala, beste maila batean

Eskala da Espresionismo Abstraktuaren nortasunaren bereizgarria. Artista batzuei New Deal programako Federal Art Project proiektuan horma-pinturak egiteko esperientziak eragin zien, eta asko, gero, ikusleak ia irensten zituzten mihise erraldoiak egiten hasi ziren. Arte espresionista abstraktuak artistak eta ikusleak topo egitea eragiten du: artistak emozioak adierazten ditu eta obran bertan dagoelako sentsazioa ematen du, eta ikuslearen pertzepzioa obraren azken osagaia da. Pollockek 1950ean esan zuen pintura abstraktuak ikusleari “aurre egiten” diola. Houstongo Rothko kaperak nabarmentzen duen legez, obra erakusteko moduak topaketa horren bizitasuna indartu dezake.

Espresionismo Abstraktua ez da pintura bakarrik

Gaur egun gehien ezagutzen ditugun lanak Pollocken eta Rothkoren pinturak diren arren, Espresionismo Abstraktuak orokorrean ezagutzen dugun baino baliabide-sorta handiagoa barne hartzen du. Aldi horretan, eskultura, collagea eta argazkigintza oso nabarmenak izan ziren. Hala, esate batera, David Smith kanpoko eskultura handiei eta arte publikoari esker egin zen ospetsu, eta Aaron Siskind bere argazkietan Pollock ekintza-pinturaren bitartez adierazten saiatzen zen energia eta mugimendu bera islatzen ahalegindu zen. Halaber, Hans Namuth Pollocki haren estudioan egin zizkion erretratuei esker da sonatua, batez ere.

Artistek artea goresten zuten eta elkarri laguntzen zieten

Pollock berehala egin zen ospetsu, baina mugimenduko artista asko pixkanaka joan ziren ezagun egiten, eta batzuek ez zuten onarpenik ere izan. Artean jarduteaz gain, Robert Motherwellek eta Barnett Newmanek kritikari gisa lan egin zuten eta, Clement Greenbergekin eta Harold Rosenbergekin batera, mugimendua ezagutzera eman eta ikusleen arreta erakarri zuten. Baina artistek elkarri ere laguntzen zieten: 1949an Artist’s Club sortu zuten, jateko, edateko, arteari buruz eztabaidatzeko eta erakusketak antolatzeko topagune bat.

Bi emakumeren ausardia

Espresionista abstraktu ezagunenak gizonak ziren. Ospe hori, ordea, bi emakume hauen babesari eta erabakitasunari esker lortu zuten, neurri handi batean: Peggy Guggenheim eta Betty Parsons. Galerista horiek artearen merkatua desberdin jorratu zuten, eta hori hainbat arlotan nabarmendu zen, erakusketa-guneen diseinuan eta babestu zituzten artistekin izan zituzten harreman eta akordioetan, besteak beste. Frederick Kieslerrek Peggy Guggenheimentzat oso-osorik diseinatutako Art of This Century areto berezia, adibidez, Betty Parsons Galleryko eremu zuri eta ireki modernoen oso desberdina zen. Lehenbizikoarentzat, bildumagile eta mezenas izateak lotura estua zuen artistekin zuen harremanarekin; eta bigarrenak kontratu zehatzak egin zituen artistekin, baina, aldi berean, askatasuna eman zien beren erakusketak egiteko.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean